XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itzultzaile bati baino gehiagori entzun izan diot kexa honen adierazpena; itzulpena ere literatura da leloaz, itzulpenaren aurkako aurreiritziak gainditu beharra aldarrikatzen zutelarik.

Pentsatzen dut, lelo aldarrikatzaile horrekin, zera esan nahi dela, literatur materialak ez duela bere izaera edo nolakotasun literarioa galtzen ez kalitatea ere, nahitaez, sortzezkoa ez den beste hizkuntza batera egokitzerakoan.

Egia da lan klasikoen itzulpenak denborarekin zahartu egiten direla, eta originalek, berriz, berean irauten dutela, aldaezin.

Baina badira obrak itzulpenaren bidaian hobetu egiten direnak.

Alemaniarrek, antza, harro diote Shakespeare hobea dela alemanez ingelesez baino, eta geuk ere, horretara jarrita, gauza bera esan genezake, sonetoei dagokienez behintzat.

Ene ustez, ez dira, ordea, aurreiritziak edo arazo psikologikoak euskaraturiko lanen erakargarritasunik eza esplikatzen dutenak, gauza askoz xinpleagoa baizik:

gehienetan, eta gehienoi, obra horiek ulerterrazagoak gertatzen zaizkigula jatorrizko hizkuntzan, edo gaztelerara nahiz frantsesera itzuliak.

Beraz, ez da Emma Bovary arraroa egiten zaigula artsenikoa euskaraz hartzen, baizik eta, gehienek, errazago, ahalegin gutxiagorekin ulertzen dugula zuzenean Flauberten hizkuntzan, edo, ia zuzenean, frantsesaren eta gazteleraren ahaidetasuna dela medio, Germán Palaciosen itzulpen bestalde oso egokiaren bidez.

Dudarik gabe ahalegindu beharko ginateke, denok eta batzuk obligazio handiagoa dugu horretarako, gaitasun linguistikoa hobetzen, baina boluntarismoa ez da bidea.

Dena den, nik azpimarratu nahi dudana zera da, gaitasun falta dela hemen ere lehendabiziko arazoa